XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Komunikazioa?

Komunikazioaren ehuneko 70-a ez dago hitzen baitan.

Baieztapen honen bidez adierazi nahi dena zera da, begiradak eta gorputz-jarrerek hitzak baino esplizitoagoak direla.

Lenguaiaren desmitifikazioa ideia mugimendu orokor batean kokatzen da.

Errezeloaren aroan sartu garenetik hizkuntzaren gardentasunean ez da sinesten.

Hitzek ez dute esaten itxuraz adierazten dutena (gehiago, gutxiago ala beste zerbait baizik). Ildo beretik, Mac Luhan mediologoak garai batean famatu egin zen esaera bat plazaratu zuen: mezua media bera da.

Hau da, uhin hertzianoen bidez datorkidan ahotsa bera, edo pantalla zuriak isladatzen dituen irudi mugikorrak.

Ez al da harrigarria euskaldunok, inkomunikazioaren praxian maisu garen aldetik (bai gure artean eta bai besteekiko), ez oraindik munduari eskaini izana ekarpen teoriko bat bakarra ere?

Bihoakizue, bada, nire proposamen teorikoaren zirriborroa, formula eta guzti.

Orain dela uda batzuk, lagun batekin batera oihanean galdutako kanpamentu ekologista batean izan ginen.

Kontuz gero, ez ziren (ez ginen?) nolanahiko ekologistak; elektrizitaterik ez, euri-urezko dutxak, buztina xaboiaren ordez, alkolik ez (kalamurik ezta ere... ofizialki).

Eta batez ere, eta beste ezeren gainetik, bilkurak.

Bilkura orokorrak, goizekoak, arratsaldekoak eta, nola ez, formazio militantezkoak ere.

Azken horietako batean formatzaileak sorpresaz harrapatu gintuen, zeharo, nuklearraren aldeko argudio zuhur eta komentzigarriak aurkeztuz. Inor ez zen gai izan kontrako baieztapen seriorik egiteko.

Azken finean, gure aldekoa zen formatzailea eta konfiantza egin ziezaiokeen, orduan... Noski, txantxetan ibilli zen gurekin (nuklearraren aurka zegoen) eta aitortu behar dut geroztik zer pentsa eman didala narrubizitan utzi gintuen pedagogia trufalari hark.

Ondorioa: mezua igorlea bera da. Norberaren familia politikokoek esan edo egiten duten edozein astakeria onartzeko dugun gaitasun ukaezina ez al da frogarik hoberena?